XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Irizpide fonetikoak. Intonazioa edo ahotsaren geldialdiak argigarriak izan daitezke terminoen aukera edo zedarriztapena erabakitzeko.

Adib. Teknologiako hortz / ukondotu, hortz ukondotu / eskuin, posizio / bertikaleko goranzko soldadura.

5. Irizpide grafikoak. Honako elementu hauek batzuetan adieraz dezakete termino baten presentzia: marratxoek (--), komatxoek(" ") eta italikoak.

Baita ere honelako esaldietan azaltzen direnak: X deitzen den ..., Y izeneko ...

6. Determinatzaile-kopurua. Unitate konplexuak oso ugariak dira terminologian.

Alemanierari buruzko inkesta batean erakusten zen, hizkuntza horren hiztegi teknikoaren % 85a sintagmak direla, horrela banatuta: % 52a bi elementukoak / % 28a hiru elementukoak / % 5a lau elementu edo gehiagokoak / % 15a termino bakunak

7. Maiztasuna. Testuetan sintagma bera maiz azaltzeak haren terminotasuna adierazten du, batipat autore desberdinek erabiltzen badute.

Terminoa behin bakarrik azaltzen bada edo autore bakar batek bakarrik erabiltzen badu, merezi du egiaztatzeak ea ez ote den autore horren hapax bat, hau da, autore horrek une konkretu batean zituen premiei (normalean itzulpen-premiei) erantzuteko asmatua.

Gureak bezalako normalizazio-maila apala duten hizkuntzetan maiz gertatzen den fenomenoa da.

8. Sistemarekiko erlazioa. Espezializazio-eremu bakoitzean hizkuntzak terminoen mikrosailak eskaintzen ditu, batzuetan elkarren aurkakoak eta beste batzuetan osagarriak: eztanda-motore, motore elektriko, Diesel motore, motore birakari.

9. Sinonimoak. Terminotzat jotako unitate baten ordez beste bat erabil daitekenean, bigarren unitateari ere termino-balioa aitortu behar zaio.

Sinonimo-izaera laburtzapenei eta siglei ere luzatzen zaie.

Adib. balio erantsiaren gaineko zerga eta BEZ biak elkarren sinonimoak dira.

10. Lexikalizazio-maila. Sintagma bateko elementu ezberdinen arteko lotura-maila da lexikalizazioa.

Elementu berririk gehitzerik ez badago, lexikalizazio-maila sendoa da.

Adib. gizarte-segurantza lexikalizatuta dagoen neurrian ez dauka sentidurik gizarte-segurantza handia, gizarte-segurantza gutxitu eta antzeko sintagmak egiteak, berez segurantza hitzarekin egin litezkeen arren.

11. Determinatzaileen izaera. Sintagma terminologikoak oinarri batez eta determinatzaile ezberdinez osatzen dira.

Ikusi behar da, determinatzaile horiek zer-nolako erlazioa duten oinarriarekin, hau da, erlazio egonkorra eta funtsezkoa duten ala momentukoa, fortuitoa.

Adib. Matematikako angelu zorrotz, angelu kamuts, angelu zuzen sintagmetan lotura sendoa du izenak bere determinatzailearekin, baina ez da hala gertatzen angelu txiki, angelu polit, angelu sendo eta antzekoetan.

12. Itzulpena. Unitate terminologiko bat bereizteko lagungarri izaten da beste hizkuntzetako terminoekin parekatzea, baliokidetza sinonimia-mota bat da eta.

Adib. muga-zerga bateratu aurkituko balitz arancel aduanero común-en parean.

Euskarazko testu itzuli askotan irizpide hau garrantzi handikoa izaten da; abiaburuko hizkuntza (espainiera) xede-hizkuntza (euskara) baino hobeto finkatuta dago eta errazago identifikatzen dira terminoak lehenengoan bigarrenean baino.

13. Esanahia. Terminoa esanahi-unitatea da; eremu zehatz batean, nozio bakarra adierazten du argi eta garbi (erreferentzia bakarreko izaera).

Adib. tximeleta azkoin Teknologia mekanikoan edo zuhaitz bitar Informatikan.

Terminoa zatiezina da.

Bestela nozioa desagertu egingo litzateke.

14. Esanahiaren kalkulua. Sintagma terminologikoa batzuetan motibatua izaten da, adib. gari-jotzeko makina Nekazaritzan; beste batzuetan ez da izaten hain gardena, hots, bere esanahia ezin da atera osagai diren hitz edo terminoen esanahiaren baturatik, adib. kukuprakak aurkitzen denean Botanikan landare bat izendatzeko.

Gaizki ulertua ere izan liteke zenbait kasutan, adib. corriente continua Elektrizitatean gaizki ulertu ohi da korronte jarrai bezala interpretatzen denean, batzuetan jarraia edo etengabea izanda ere, beste batzuetan desjarraia edo etena izaten bait da honelako korrontea.

15. Neologismo-izaera. Errealitate berri baten izendapena hasieran deskriptiboa edo esplikatiboa izaten da.

Azkenean erabilerak termino laburragoak finkatzen ditu: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena laburtuta aurkitzen da sarritan errentaren aitorpena bezala.

16. Premiak. Erabiltzaileen premia funtzionalak irizpidetzat hartu behar dira terminoen aukeraketa eta zedarriztapena egitean.